STONE ADDICTS: CHACAL STORE

Nire izena Mikel da eta Stone Islanden zale amorratua naiz! Gainera, Chacal Storeren atzean dagoen pertsona naiz, Instagrameko munduan bere txokoa bilatzen ari den denda txiki bat. Bigarren eskuko casual arropa eskaintzen dut, nire produktu izarra den Stone Islandek produktu gehienak barnebiltzen dituen bitartean. Helburua argi daukat, eskuraezina dena eskuragarri bihurtzea, auzoetako eta harmailetako mutilek bere poltsiko eta soldata ziztrinek onartu ezin duten arropa lor dezaten.

Outfit Stone Island
Mikelen outfita.

Azken finean, hori naiz ni, ondo jantzi nahi duen langile bat. Ez dut onartzen jantzi bat aberatsaren eta pobrearen arteko harresia izatea, diruan sinisten ez duen pertsona naiz, daukana erretzen bizi den tipoa naiz eta gero…gerokoak! Beti esaten dudan moduan, aberats eta pobreen artean  gauza amankomunak badaude. Guk, pobreok, dirua gogor lan eginez lortzen dugu, eta haiek, aberatsek, era berean egiten dute dirua guk (pobreok) gogor lan egiten dugun bitartean.

Beti ikusi dut nire aita ondo jantzita. Burberry trenkak, Lacoste jertseak, Barbour gabardinak… eta askotan kontatu didan moduan, nire aitonak, ia hilabetero eramaten zuen Eibartik Bilbora arropa erostera, arropa ona.

40 urteetatik 30etik baino gertuago nagoen honetan, Stone Islandekin duela hamar bat urte hasi nintzela aipatu behar dut. 20 urterekin Gasteiz utzi, eta 25 urte nituela atzerrira bizitzera joan nintzen, non kirol apustuetako enpresetan lan egiten amaitu nuen. Erresuma Batura eta Europako  hainbat herrialdeetara egindako bidaien ondorioz, eskaintzen genuen produktua kontuan hartuta (kirola, futbola), lehenago ikusi ez nituen markekin kontaktua izaten hasi nintzen. Hauek nire arreta piztu zuten berehala, ezkerreko besoan partxe batekin, adidas batzuekin eta ezagutzen nuen makarrismoarekin konparatuz, ezberdina zen harrotasun dotore bat zen hura.

Los hermanos Gallagher con Stone Island.
Stone Islanden Storia liburuko argazkia. Gallagher anaiak.

Lehenik, artilezko jertsei berde bat erosi nuen Ebayen 40 libratan, geroago kapusai urdin bat, eta hortik aurrera, arazoa hasi zen. Garagardo batzuk hartzeko pubera jaistea beste  gauza bat bilakatu zen. 79. urteko nire Leyland Mini Cooperarekin jaisten nintzen, bolantea eskuman, polo dotore bat edo partxedun Stone Island bat eta pinta beti eskuan, futbolaz eta arropaz hitz egiten genuen. Lagun on bati esker,  Stone Island eta casual arropari buruzko Facebookeko lehen taldeetan sartu nintzen eta gero eta gauza gehiago erosten hasi nintzen. Garai horietan diru dezente irabazten nuen eta ni, dena gastatzen duen horietakoa naiz.

Harriduraz, urte horietan Gasteizera bueltatzen nintzen oso noizbehinka eta  hasi nintzen ikusten mutikoek aipatutako marka horiek zituztela soinean, une horretara arte soilik atzerrian ikusi nituenak. Poztasuna izan zen, izan ere Gasteizen behingoz ulertzen hasten zen arropa garestia ez zela soilik aberaskumeentzat. Egun batean, nire lagun mina den Zianekin  diskoteka batean mozkor nengoela, berak ezagutzen zuen mutiko batekin hasi nintzen hizketan. Ez dut gehiegi gogoratzen, soilik Stone Islandi buruz hitz egin genuela, 30. Urteurreneko anoraka neukala esan nion eta berak ez zidan sinisten. Mutiko hark CP Companyren goggleak zeramatzan tatuaturik. Mutiko honek orain Blog hau ekarri digu eta Euskal Herritik dotorezia sustatzen du.

Anorak 30 Anni Stone Island
Stone Islanden 30 Anni anoraka.

Chacal Storeri dagokionez, nire jantziak saltzen hasi nintzen, hain azkar hasi ziren saltzen non beste herrialdeetan nituen kontaktuekin hitz egin eta plataformak miatzen pasa nuen denbora, arropa onenak prezio onenetan lortzeko helburuarekin. Esan dezaket merkatuan prezio onenetarikoak jartzen dituen Stone Island saltzailea naizela, eta kontuak kontu nire eskuetatik 100 arropa inguru pasa izan dira, horietako asko, ikonikoak direlarik.

Maila pertsonalean ere, pieza ikoniko asko pasa izan dira, eta gehiago heltzear daude. 95eko alpakako artile jertse bat adibidez, inoiz izan dudan arroparik beroena. Lagun bati oparitu nion mozkorraldi batean. Baliteke, azken hamarkadan ikusmen handiena sortu duen jantzia, Stone Islanden 30.urteurreneko anoraka izatea. 2017an iritsi zen nire eskuetara kolore gorriko L neurri bat. Errusiar bati erosi nion Facebooken, asko jantzi nuen, are eta gehiago, Gasteizera etortzea eta berarekin Kutxi kalea goitik behera zeharkatu izana gogoratzen dut ezer ulertzen ez zuten begiradak gainean nituen bitartean, orain M neurriko jantzi urdin bat daukat. Chacal Storetik beste pieza ikoniko bat pasa izan da azken egunetan, 2008ko Snowflake famatua, Stone Islandek egindako esaldi bakarra daramana, asko esaten duen esaldia gainera. Aste honetan ere ilusio handia egiten didan beste pieza bat erosi berri dut, Raso Gommata bat hain zuzen ere, 88. urtekoa, barneko “lininga” artilez egina dagoen bitartean, kolore beltza duen honek, gutxi gorabehera baldintza txukuna dauka. Ghost Series, Shadow Project, Stone Island Marina, Stone Island Denim… mota guztietako piezak pasa izan dira hemendik.

parches stone island
Mesh Badge Stone Island partxeak.

Hori bai, aurreratzen dut nire obsesioa Stone Island Marinaren jantzi gehiago lortzea dela, Massimo Ostiren kuttunena zena, itsasoarekiko zuen zaletasuna zela eta.

Hemendik, mezu bat helarazi nahi dut, Chacal Store oso txikia den proiektua baino ez da. Baina aurrekontua hirukoiztu dut bi hilabete hauetan, eta hemendik gabonetara bikoiztea da asmoa. Prezio eskuragarrietan arropa ekartzen jarraitu nahi dut, baina gainera, pieza paregabe gehiago ekarri nahi ditut, kalitate eta diseinuagatik bereizten direnak. Euskal Herrian arropa casualaren saltzaile erreferente bat izan nahi dut, eta Instagramen, Europan mailan baita Stone Islanden saltzaile erreferentea ere. Zerbait lortu nahi dudanean, ahal duen guztia egiten duen horietarikoa naiz, lortu arte. Oraintxe bertan, zarata handirik egin gabe, badaude Facebook eta Instagrameko Stone Islanden saltzaile handiak nire piezen atzetik, gero garestiago saltzeko asmoarekin.

Nire istorioari buruz ezin dizuet askoz gehiago kontatu, Chacal Storen zuen esku egongo naiz, edozein zalantza argitzeko.

Eskerrak eman We Are Dotoreri aukera honengatik eta lantzen ari zareten blog izugarri honengatik!

Libo storia de stone island
Chacal Storen arratsaldea pasatzen. Stone Islanden Storia liburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude