RANDA OFFENSIVE: ELKARRIZKETA

  • Randa Offensive, breaking throught everything since 2015. Nor dago marka honen atzean?

Europa ezegonkortzeko gaitzaren ardatza karkar… argi daukagu duela 15 urte baino gehiago proiektu honetan gaudenok ezagutuko ez bagina eta konfiantza osoa ez bagenu izango gure artean, guzti hau pikutara joan izango litzatekeela aspaldi.

Randa Offensive
Outfit Randa
  • Zuen lehengo proiektua izan zen edo esperientzia zenuten jada gremioan?

Beti izan ditugu buruan proiektu zoroak, eta azkenean erokeria hori zerbait emankorra bihurtu dugu zorionez.

  • Hastapenak beti dira zailak, nola gogoratzen duzue zuen ibilbidearen hasiera?

Egia esaten badizuegu hau da hasieratzat hartzen dugun momentua. Randa hasi besterik ez da egin, proiektu ugari dauzkagu buruan eta ez dira soilik arroparekin erlazionatzen, nahiz eta garenaren adierazpen nagusiena den. Oraindik ez duzue ezer ikusi, prestatu datorrenerako!!

  • Zerbaitek definitzen bazaituzte, zuen arroparen diseinuen oldarkortasuna mantentzea da, ez duzue esentzia aldatu, hasi zinetenetik gaur egun arte. Zerk inspiratzen zaituzte?

Beti izan dugu gustuko izaera oldarkorreko arropa hori. Azken finean bizi duguna islatzen saiatzen gara, besterik gabe. Ez diogu buelta gehiegirik eman behar, ezagutzen gaituenak ondo baino hobeto daki.

Randa Offensive
Randa girls.
  • Markak izan duen garapena, batez ere 2020an (nork esango zuen) ikaragarria izan da, zein momentutan ikusi zenuten honek guztiak etorkizun oparoa izan zezakeela?

Pronostiko guztiak apurtuz, 2020a izan da Randak mahaian kolpea eman duen urtea, izan ere, proiektua modu serio batean hartzen hasi garen urtea izan da. Momentu horretara arte hobbie bat zen, orain ordea, lana da! Egun osoa ematen dugu egiteko gauzekin eta ez dugu gelditu nahi lehertu arte.

  • Negozio hau ez da edozeinentzat, zer uste duzue izan dela zailena edo zeintzuk izan dira bidean aurkitu dituzuen oztopoak?

Bidean beti egongo dira oztopoak, ez badituzu gainetik pasatzen ez zara oso urrun helduko, hori argi daukagu. Azken finean, benetan gustuko duzun zerbaiten bila ari bazara, ez dituzu  proiektuari eskaintzen dizkiozun orduak zenbatuko, beharrezkoa den edozein gauza egingo duzu aurrera egiteko eta beste guztiak ez du axola.

Balaclava Randa Offensive
Randa Balaclava.
  • Orain Askari markaren banatzaileak bihurtu zarete, zein beste helburu dituzue epe motzean? Nola aurkezten da 2021a?

2021 proiektuz beteta aurkezten da eta beti bezala karta bakarrera jokatuko dugu. Dena ondo aterako zaigu edo dena pikutara joango da. Jokatzera etorri gara, horrelakoa da gure izaera. Askarirena azken finean egiten dutenak txunditzen gaituelako agertu da eta oso erlazio ona daukagu beraiekin. Euren arropa ona ekartzea eta hemendik merkatua zabaltzeko aukera eman nahi diegu. Helburuei dagokionez…gure esloganak argi eta garbi dio… guztia hautsi! Nola? Ikusiko duzue.

Kings of the streets team randa
Randa KOTSen.
  • Azpikultura eta eszena ezberdinen arteko lotura bikain bat sortu duzue islatzen duzuenarekin. Randa ez da soilik hooligan batentzako arropa. Hiphoparen adarrik makarroiena eta auzokoena ere ordezkatzen duzue,  Jarfaiterren azken bideoklipa begiratu baino ez dugu. Nondik zatozte zuek?

Ondo diozuen moduan, Randa kaleko azpikultura guzti horien arteko erlazio bat sortzen ari da eta hori da zer garen edo nondik gatozen islatzen duena. Beti ibili izan gara graffitiaren, harmailen, borroka kirolen eta hip hoparen munduan. Kaleko bizitzarekin bat datorren edozein gauza Randaren parte izango da, baita bere esentziarena ere.

Jarfaiterren bideoklipa. Team Randa.
  • Harmailetako munduan ezagunak zarete aspalditik, zuekin izan gara bidai eta elkarretaratzeetan. Arropa makarraz gain casual pentsamendua ere izan duzue beti gustuko. Nola ulertzen duzue zuek?

Egia esan beti egon gara oso erlazionatuta harmailetako munduarekin. Beti erakarri gaituen zerbait izan da, nahiz eta gero eta gehiago egiten dugu paso, izan ere gaur eguneko futbola inguratzen duena zabor hutsa da.

Hooliganismoari dagokionez gauza berriak ekartzen saiatu gara, mendian egindako borroka adostuak bezala (nahiz eta lehenengoak sevillako taldeak izan, hemen emandako  hastapenaren protagonistak sentitzen gara).  Casualismoa… bada, guztia bezala moda bat bezala ikusten dugu. Gaur egun ez zaigu gehiegi axola nahiz eta beti gustatu izan zaigun arropa eta besteekiko ezberdintzea. Baina azken finean hori, X markekin janztea bihurtu dela ematen du, nahiz eta jantzi itsusiak izan, edo askotan aitona bat bezala janztea bizitzan zaplazteko bat ere eman gabe. Bere aitengatik bizi diren ume pijo batzuen jokoa, ideia, balio edo printzipiorik gabe.

  • Zein da Randa baten musika?

Flamenkoa, hardcorea, Oi!, rap, trap, batxata, musika klasikoa, turbofolk… edozein gauza.

Randa Offensive
Randaren hurrengo bideoa.
  • Eskerrik asko lagunok elkarrizketa egitera animatzeagatik. Gure irakurleetako askok seguruenik pentsatzen egongo dira: eta KOTS zer? Lasai, bigarren atal bat izango dugu espezifikoki proiektu honen harira.

Eskerrik asko We Are Dotore, eta zorterik handiena zuen proiektuarentzat. Zuek ondo esan bezala, bigarren atal bat izango dugu, beraz ez ezazue galdu! BETI RANDA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude