POLIZIAREN INDARKERIARI BURUZKO ISTORIO BAT: MIKEL IRIBARREN

Poliziaren indarkeriari buruz idazteko eskatu zidatenean, ez nekien nondik hasi, izan ere, kontaezinak dira Euskal Herrian jasan izan ditugun kasuak, Iruñea eta Nafarroan ere bai. Gladys del Estal, 78ko San Ferminak, Mikel Castillo, Txuma Olaberri, Alejandro Gorraiz… kasu mediatikoenak izan daitezke. Kasu horiez gain, Mikel Iribarrenena ere badugu.

78KO sANFERMINAK
Poliziaren indarkeria: 78ko San Ferminak

Azken kasu hori hurbilekoa izateagatik eta harmailen munduarekin erlazionatuta egoteagatik gaurko artikulurako aukeratu dugu.

Laster 29 urte beteko dira Iruñeako gertaera latz hau gertatu zenetik. Nahiz eta instituzionalki onartua ez izan, herriak eta, bereziki, berarekin lubakia partekatu zuten 80. hamarkadako iruindar gazte horiek ez dute polizia gehiegikeria hori ahaztuko.

1991ko abenduaren 14 hartan, presoen aldeko manifestazio bat Donibaneko kartzela zaharraren ateetan amaitu zen. Ondorengo orduetan, polizia karga ugari egon ziren Iruñeako  poliziaren eta gazteen arteko liskarretan. Garaiko ohiko gertaerak ziren Iruñean urte horietan.

Beranduago, gaueko ordu bietan, Aduanako plazan, Polizia Nazionalaren ke-pote batek larriki zauritu zuen Mikel Iribarren Pinillos, 18 urteko gaztea. Koman eraman zuten Nafarroako Ospitalera.

Mediku partean honako hau idatzi zuten: “garezurraren eskuinaldeko hondoratzea, aurpegi erdian erredurak dauzka, begi batean traumatismoa, baita gorputzeko ezker atalean paraplejia ere”. Ozta-ozta bizirik atera arren, ia hilabete egon zen koman.

mIKEL IRIBBARRENEN AURPEGIA

Irudi gogorra: Mikelen aurpegia gertakarien ondoren.

Hurrengo egunetan hainbat protesta egon ziren eraso hori salatzeko. Abenduan egiten zen Herrerako martxan ere gogora ekarri zituzten gertaerak.

459 egun behar izan zituen partzialki sendatzeko. Fisionomia berreskuratzeko ebakuntza-gelatik hainbatetan pasa behar izan zen. Aurpegiko eskuineko aldea oso kaltetuta egoteaz gain, %37ko baliogabetasunarekin geratu zen.

Guretzat harritzekoa ez den arren, ondoren jasan beharreko ibilbide judiziala tamalgarria izan zen. 1997an Barne Arazoetako Ministerioak instantzian ezeztatu zuen defentsak eskatutako kalte-ordaina. Dena den, 1998an partzialki onartu behar izan zuten. Auzitegi Gorenak instantziaren errekurtsoa onartu zuen, baina 2003an Auzitegi Konstituzionalak poliziaren jaurtiketak proportzionaltasunez egindakoak izan zirela argudiatu zuen, eta ez zuen tramitea onartu. Behin Espainiako sistema judiziala agortuta, Mikelek Estrasburgora jo zuen justizia bila, (beste behin ere) arrazoia eman zion Mikeli eta Espainiar Estatua 170000 euroko kalte-ordaina ematera zigortzen du.

Bederatzi ziren ke-potea jaurti zuten lekuan egon ziren poliziak, baina deklarazioan guztiek esan zuten ez zekitela ezer gertatutakoaren inguruan. Batzuk, zauritua lagundu baino ez zutela kontatu zuten, lurrean aurkitu zutela hilzorian. Inoiz ez zuten tiro egin zuena identifikatu. Gertatutakoaren lekuko zen auzokide batek honako hau deklaratu zuen: “kaskodun polizia batek gertu-gertutik bere arma gaztearen kontra erabili zuen, berehala lurrera zaurituta erori zen. Egundoko ke-lainoa irteten zen bere burutik eta arropatik”.

Gaur egun Mikel Iruñean oso ezaguna da, kirolaria da, eta bere lurraldearen askatasuna lortzeko borrakan jarraitzen du. Gertatutakoa konta dezake, eta Sadarreko harmailetan kamisetarik gabe ikus dezakegu urteko edozein urtarotan. Beste batzuk, ordea, Iñigo Cabacasek, adibidez, ezin dute bere istorioa kontatu. Bitartean, gainera, poliziak epaileen konplizitatea edukitzen jarraitzen du, politikari ziztrinekin batera, polizia indarkeria erakusten jarraitzen dute gure kale eta futbol zelaietan.

Mani iñigo cabacas
2016-04-10, Bilbo. Iñigo Cabacas-en kasua salatzeko manifestazioa.

EGILEA: LIUBERTZI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude