OLD TOWER STUFF

Gasteizko gune esanguratsuenetako batean, San Bizente dorre zaharraren azpian, Old Tower Stuff dago. Gure hiriko tokirik zaharrenean dagoen denda honek are ukitu bereziagoa ematen dio aldapa horri. Sartu bezain laster ikusi ahal duzun lehenengo gauza da musika onaz gozatu dezakezula, disko-jogailua ez baita egun osoan itzaltzen. Dendaren atzealdean edo denda garbitzen, Rufo aurkituko duzu, beti prest biniloen bilaketan laguntzeko.

Apalen artean diskoren bat edo beste aurkituko duzu, tamaina eta abiadura guztietakoak gainera. Ziur asko, bilatzen ari zaren generoko zerbait egongo da, gure lagunak ez baitio ezeri, edo ia ezeri, zirkinik egiten. Nabarmentzekoa da beti dagoela rock pixka bat esparru guztietan. Guk altxorrak aurkitu ahal izan ditugu behin baino gehiagotan, Oi!, britpop, ska edo punk talde dotoreen diskak.


Ruforen kultura musikala ez da kasualitatea, umea zenetik orduak ematen zituen musika entzuten eta musikarekin lotutako proiektuak izatea amesten zuen, horietako bat denda bat irekitzea zen (batzuetan ametsak egia bihurtzen dira). Euskaldun gazte asko bezala, Rufo Euskal Rock Erradikala eta gure lurraldeko ska musika entzunez hazi zen. Hortik jatorrizko ska jamaikarra ezagutu zuen eta mundu bat ireki zitzaion aurrean, doinu hauek entzuteak soinuak gehiago preziatzea eragin baitzuen. Musika beltza, soula, funka edo Rythm ´n´ Bluesarekiko duen pasioa garapen horren emaitza da.


11 edo 12 urte zituenetik formatu ezberdinetako diskoak erosten hasi izanak, gaur egun, kontaezinezko bilduma izatea eragin du, eta ia denetarik aurki dezakezu bere etxean. Zer egin hainbeste diskorekin? Etxean lasai entzuten gera zaitezke, edo, bestela, maleta batean sar ditzakezu eta lokal batera joan, besteek ere haietaz goza dezaten. Gure laguna ohikoa da hiriko pintxadetan, eta gustukoen duena jamaikar, soul edo Rhythm n Blues diskoak jartzea da. Baina Oi!,  garaje edo punk errepertorioa ere badu. Pandemiaren kontu honekin, pintxadaren bat edo beste izorratu da; beraz, harekin bat gatoz, bada ordua itzul daitezen! Baina jendea zutik, dantzan eta benetan gozatzen ari dela (aulkiak kontzertuetatik kanpo).


Beti Gasteizko musika eszenan murgilduta, Rufok proiektu ezberdinak izan ditu. Askok maitasunez gogoratzen dugu Mossin Nagant taldea. Berak jarri zien ahotsa. Gaur egun, orduak ematen ditu bere entsegu lokalean proiektu berri bati forma ematen; laster zuzenean ikusteko aukera izango dugula esan digu, baina itxaron beharko da, oraindik ez baitute izenik.


Old Tower Stuffen ere hainbat ekitaldi egin dira, kontzertuak eta pintxadak, eta, nola ez, guztiak garagardoarekin girotuak. Ez legoke modu hoberik gure saltoki berriaren berri emateko horrelako ekitaldi batekin baino, baina zer egingo diogu, itxaron beharko dugu.


Diskoak ez dira Ruforen dendan dagoen gauza bakarra, arropa ere aurki dezakegu. Hasieran, helburuetako bat esekilekuak betetzea izan zen, Harrington edo Ben Shermanen poloak bezalako jantziekin, baina  ehunka disko sartze eta ateratze soilak dakarren lanak azken horretan arreta gehiago jartzea eragin zuen. Hala ere, dendatik Relco edo Madcap bezalako markak pasatu dira, eta beti aurkituko dugu talde ezberdinen merchandisinga. Gure lagunari marka independenteak eskaintzea ere gustatzen zaio, eta gure kamisetak eraman genizkionean, ez zuen zalantzarik izan bertan saltzeko aukera emateko. Zerbaitetan ados bagaude, hurrengo baieztapena da: arropa dotorea musika dotorearen eskutik joan behar da.


Diskoak begiratzen ditugun bitartean, atentzioa ematen digute horman zintzilikatutako koadroek, Igor Aguirreren azken bildumakoak, hain zuzen ere. Irudi sorta mezu argi batekin dator, musikarekin lotutako lekuak eta aretoak alde batera utzi dituztenen aurkako protesta da, eta guretzat duten garrantzia azpimarratzen du. Artista txiki horiek beti izango dira dendan ongietorriak, batez ere gaia musikarekin lotuta badago.


Old Tower, zalantzarik gabe leku dotorea hiriko txoko paregabe batean, binilozko musikaren maitaleak bazarete, hemen derrigorrezko geldialdi bat duzue. Atsegin handiz iragartzen dizuegu arestian esandakoa, gure produktu berriak eskuragarri izango dituzue esekilekuetan, dotore bazara, ez izan zalantzarik pasatzeko!



Galdetegia

  • Kulturari dagokionez (musika, arropa, garagardoa), nola ikusten duzu Gasteiz?

Gasteiz ez dago gaizki, baina erantzuna falta da, eta horrelako proiektu edo ekitaldi gehiago. Jende askok lan handia egiten du, baina beti izango duzu zalantza arrakastatsua izango ote den.
Bestalde, ikusten da neska-mutilak gero eta hobeto janzten direla eta hau barrurago eramaten dutela. Espero dut gaztetxoak kultura hau inguratzen duen guztiaz elikatzea, eta nola ez, horretaz gozatzea, nik egiten dudan bezala. Dena batera hobea delako.

  • Disko bat?

Hor doa bat berezia dena niretzat, Kortaturen “El estado de las cosas”, entzun nuen lehena. Lolas entzuten ari gara orain dendan, “All the potion in the world”. 2tone, Staxs, punk rock edo power popeko edozein binilo… arratsalde osoa pasa nezake diskoak gomendatzen.

  • Taberna bat?

Carling Four, Guinnessa botatzeko duten moduagatik eta Paul handiaren gustu musikalengatik.

  • Arropa marka bat?

Ez dut lehentasunik, baina Merc London. Konturatu gabe, horixe da gehien eramaten dudana.Jantzi ikoniko bat?

Fred Perry poloa, nola ez.

  • Kontzertu-areto bat?

Lehen bezalako kontzertu bat bizi dezakegun edozein, baina Gasteizko Jimmy Jazz eta Hell Doradorekin geratuko naiz.

  • Jaialdi bat?

Ez naiz oso jaialdi zalea, jai-giroan zentratutako ekitaldiak izaten dira. Banda bat areto on batean ikustea bezalakorik ez dago. Baina aukeratzekotan, Azkena Rock Festival, hurbiltasunagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude