LEAGUE ONE, MUNDUKO HIRUGARREN MAILARIK DOTOREENA

Futbol ingelesaz hitz egiten dugun bakoitzean, talde, jokalari zein zelai ezberdinak etortzen zaizkigu burura. Harmailetako maitaleoi ere: bidaiak, firmak edo mundialak. Eta hauen artean Liverpool, Old Trafford edo ICF famatuan pentsatzea ez da arraroa. Baina Bolton Wanderers, Fattron Park edo ITI (Is That It) aipatzekotan? Ziurrenik, hau irakurtzen amaitu ondoren izen hauek gogoratuko dituzu. Gaurko honetan League Oneri buruz hitz egingo dugu, Ingalaterrako hirugarren mailari buruz hain zuzen ere, eta batez ere, infernu honetan ibiltzen diren firm edo taldeei buruz.

Eredu ingelesari buruz hitz egiten hasi gaitezen. Esan dugun moduan, League One, hirugarren maila da, baina ez pentsatu gure Bigarren B maila bezalakoa denik, ezta gutxiago ere. Ingalaterran futbola profesionala da 4. mailara arte eta horregatik hemen baino askoz estandarizatuago dago. Ez dago probintzia arteko sailkapen talderik, jokalariak ez dira eraikuntzako langileak izan behar futbolean jokatzen jarraitu ahal izateko, eta ez dago igoera edo jaitsieretarako eredu nahasgarririk. Hain da profesionala liga hau, non ez den arraroa Nottingham Forest Championsdun taldea edo Leicester City, 2016. Urteko Premier Leaguearen irabazlea behe mailako liga honetan ikustea, aipatzekoa da baita ere gaur egungo Sunderland taldearen kasua.

Leicester fans
Leicester zaleak Ligue Oneko partidu batetaz “gozatzen”, 2009.

Ez da harritzekoa beraz, liga honen joko maila ikustean, bere firm edo taldeen maila. Askorentzat hau da dudarik gabe Ingalaterrako ligarik bortitzena, izan ere, masa sozial handia daukaten taldeen eta presentzia polizial urriaren arteko nahasketa bikaina da. Agintarien eskutik zainketa handiko liga dugu hala ere, baina inoiz ez Premier League edo Championship ligen maila bezalakoa.

ITI (Is That It) eta OCS (Olws Crime Squad)- Sheffield Wednesday

Meatzaritza eta burdingintzaren hiri britaniarrean, futbolaren aita den talde klasiko hau aurki dezakegu azpian dauden mailen artean. Sheffield Wednesday, hemen igogailu talde deritzogunetako bat da, beti bigarren eta hirugarren maila artean. Hala ere, bere firmak sasoi betean daudela ematen du, berdin du zein mailan, beti izango dira arriskutsuak eta kontuan hartzekoak.

Ondo jantzitako Sheffieldeko mutil hauek norgehiagoka izugarria daukate hiriko beste taldearekin, Sheffield Unitedekin, eta nola ez, bere firma den BBCrekin (Blade Business Crew). Honek kartzelaratze ugari ekarri dizkie urteetan zehar.

ITI zein OCS, bere hiriko islada nabariak dira, burdingintzaren krisiak eragindako langabeziaren semeak, langile klaseko mutil dotoreak.

2010. urteko maiatzaren 2an gertatu zen beraien istilu gogoratuenetako bat, Crystal Palacek Wednesdayren zelaian jaitsiera ekidin zuenean, Hillsbroughen hain zuzen ere. Kanpoko zaleek zelaira egin zuten jauzi taldearekin salbazioa ospatzeko eta Sheffieldeko mutilek ez zuten begi onez ikusi, izan ere, jarraian egin zuten salto iskanbila sortzeko asmoarekin, eta horrela izan zen. Poliziarentzat benetan zaila izan zen hauek gelditzea, ez dute oroimen onik izango egun horri buruz.

Partiduaren ostean gertatutakoa. Poliziak Sheffield Wednesday zaleak gelditu nahian.

Hauei buruzko bitxikeri moduan, zaleen artean “Tango Man” ezizenez ezagututako Paul Gregory aurkeztuko dizuegu. Hau da dudarik gabe, guztiok buruan daukagun hooligan eredua.

Paul Gregory, Sheffield Wednesday.
Paul Gregory jauna.

Cuckoo Boys- Bolton Wanderers

Manchester handian zehar kokatuta dagoen Bolton taldea Ingalaterrako klasikoetako bat dugu, UEFA hainbat aldiz jokatu duena eta futbol ingelesaren maila gorenean urte askotan izandakoa. Baina zerbaitek bereizten badu talde hau, bere bolada txarrak dira dudarik gabe, hirugarren maila honetan askotan protagonista bihurtu izan duena. Azkenengo aldia 2018-2019 denboraldia izan da, kudeaketa oso txar batek desagertzeu zorian utzi zuen (Gaur egungo futbol madarikatua).

Harmailetan aurki ditzakegun bere mutilek, Cuckoo Boys bezala ezagunak direnak, zure amonaren etxean aurki dezakezun erloju klasikoari aipamena egiten diote eta bolada txarrak dauzkatenik ez du ematen. Izena ezinhobea aukeratu zuten, sartu, sorpresa eman eta dena suntsitu ondoren alde egiten dute, kuko erloju bat bezala. Honen froga dugu Walking down the Manny Road liburuan aurkitzen diren pasarteak, 30 urteetan zehar taldekide izan den Doug Mitchellek idatzitakoak.

Walking down the Manny Road, Doug Mitchell
Walking down the Manny Road liburuaren azala,

Bere liburua irakurtzea gomendatzen dut, firm honen istoriorik garrantzitsuenak kontatzen ditu bere sorreratik. Casual pentsamendua bereganatu zutenetik, auzokide den Manchesterretik bereganatutako influentzia musikaletara. Honekin batera, modu adierazgarrian lantzen du mutil hauen eta britainiar ultra eskuindarren arteko erlazioa, baita nola alderdi xenofobo eta arrazistek manifestazioetarako erabiltzen zituzten.

Cuckoo Boys on tour
Duela gutxiko Cuckoo Boysen bidai eguna.

6.57 Crew- Porstmouth F.C.

Ziur aski, britaniar casual mugimendua ezagutzen baduzu, firm honi buruz zerbait entzun duzu. Porstmouth, Ingalaterrako hegoaldean kokatutako hiria dugu, ingelesak oporretan daudenean edatera eta atseden hartzera joaten diren lekuetako bat dugu. Bere taldeak, klasiko izaten jarraitzen du FA Cup bat baino gehiagoren jabe den bitartean. Baina dudarik gabe, Porstmoutheko famatuena 6.57 Crew dugu.

1979. urtean jaio zen konpainia honek, Porstmouthetik Londresera abiatutako trenaren ordutegia aukeratu zuen bere izenerako. Bere zaleak, moda eta casual eszenaren zale sutsuak direnak, poliziarentzako benetako erronka izan ziren. 80. hamarkadan Ingalaterrako talderik arriskutsuenetako bat izan ziren, eta gaur egun badaukate ohore bitxi bat, estatistikoki irla honetako gobernuarentzat auzi penal gehien dauzkan firma da Erresuma Batu osoan.

6.57 Crew on tour
80. hamarkadako 6.57 Crew bidai egunen batean.

Hainbestekoa da mutil dotore hauenganako beldurra, non 2006. urtean Perfida Albioneko gobernuak bere kide gehienei pasaporteak kendu zizkien, izan ere Alemaniako Mundialera egin nahi zuten bidaia, kaosa eta suntsiketak sortzeko ideiarekin agian, nork daki.

Beraien gertakaririk esanguratsuena 2004ko Maiatzaren 21ean izan zen, hegoaldeko kostako beraien aurkarien kontrako norgehiagoka batean. Istiluen balantzea hurrengoa izan zen: 93 atxilotu, polizia zauritu ugari, hustutako dendak eta birrindutako kotxe bat baino gehiago. Atxilotu hauen artean 10 urteko ume bat zegoen, Erresuma Batuko  hooligan gazteena bihurtuko zena, izan ere desordena publikoagatik epaitu eta erruduntzat jo zuten.

Hauen zelaia Fattron Park dugu, eta ez da zelai lasai bat, beraz Porstmouthena ez den beste kamiseta batekin joatea ez da gomendagarria noski.

Amaitzeko, eta beste bitxikeri moduan, ezin gara joan Emptifish taldea aipatu gabe, 80. hamarkadakoa eta mod estetika zeramatenak. 6.57rekin zuzenean erlazionatzen zaie eta mutil jator hauek Manta Ray bezalako ereserkiak egiten zituzten, oso dantzatu eta abestuak izan direnak firm honen aldetik.

Emptifish
Emptifish 80. hamarkadan.

Mr. Parkas.

Parkas y Cinturones Radio Club.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude