GREYLINE TATTOO ELKARRIZKETA

  • Greylinen egindako lan bat ikustean, artistek bizitza osoa tatuatzen daramatela da norbaitek pentsa dezakeen lehenengo gauza.  Nola izan zen honen guztiaren hasiera?

Gure etxeetan edo lokaletan hasi ginen lan batzuk egiten, lagun eta ezagunentzako soilik hasieran, haiek baitziren bere larrua zulatzen uzten ziguten bakarrak karkar. Beranduago, pixkanaka-pixkanaka jende gehiago tatuatzen hasi ginen.

Greyline Tattooren estudioa Zumaian.
  • Zer dela eta bereiztu zineten zuen estiloetan?

Gure kasuan gauza sinple eta linealak egiten hasi ginen, izan ere beste estilo batzuetara heltzeko oinarria zela uste genuen, hala ere ez geneukan argi zein estilo landu nahi izango genituen etorkizunean. Azken finean etapa ezberdinak direla uste dugu, non estilo eta teknika ezberdinak frogatzen eta nahasten dituzun. Estilo ezberdinak landu  genituen hasieran eta pixkanaka-pixkanaka heldu gara gauden tokira, beti berritzen eta hobetzen saiatu gara. Nork daki zein estilo landuko dugun bihar.

  • Nortzuk zarete taldean?

Hasieran Pablo eta Julen hasi ginen eta guztiarekin ezin genuela konturatzean, Aitziber kontratatu genuen Shop Manager bezala. Beranduago David sartu zen taldera, estilo gehiago eskaintzeko asmoarekin. Pablo eta Julenek errealismoa lantzen dute,  Davidek berriz tradizionala eta Blackworka.

  • Euskal Herritik kanpo datozen eta Urolako kostara gerturatzen diren bezero ugari dituzue. Nola daramazue pandemiaren kontua?

Euskal Herritik kanpo datozen bezero ugari ezin izan dira etorri murrizketak direla eta. Autonomia-Erkidegoen arteko mugikortasun murrizketek ere ondorioak izan dituzte eta agenda aldaketa ugari egin behar izan ditugu, baina zorionez badago etortzera arriskatu izan denik.

Julen Mrkpk egindako besoa.
  • Tatuatzaile baten eginbeharretako bat, beste herrialdeetako estudioetara joatea da, baita erakusketa ezberdinetara ere…sariak lortu izan dituzue. Zer nabarmenduko zenukete estudiotik kanpo egiten duzuenaren artean?

Bidai ugari egiten ditugu, izan ere uste dugu ikasteko eta profesional bezala garatzeko ezinbestekoa dela artista ezberdinak ezagutzea. Beste estudioek daukaten lan egiteko era ezagutzea ere garrantzitsua da, baita estudioak ez diren beste lekuetan lan egitea ere. Eta nola ez, asko gustatzen zaigu beste lekuak ezagutzea.

Sariei ez diegu garrantzi gehiegirik ematen, erakusketaren batean sariak irabazi izan ditugu, baina lehen esan dugun  moduan, konbentzioetako gauzarik garrantzitsuena jende berria ezagutzea eta ikastea da.

  • Zein izan da eskatu dizueten tatuajerik zoroena?

Uste dugu, orain arte egin dugun tatuajerik zoroena honako hau dela: tipo bat Jack Daniels botila bat eskuan kokaina marra batzuk esnifatzen dituen bitartean. Honekin batera bi ipurmasailetan egin genuen 13-12 bat ere gogoratzen dugu.

Benetako errealismoa.
  • Zuen lanen artean harmailetako munduarekin erlazionatutako baten bat aurkitu dezakegu. Mundu hau ezagutzen duzue?

Lagun eta ezagun ugari ditugu mundu honetan sartuta  eta egia esan ahoz ahokoa dela eta futbolarekin erlazionatutako tatuaje ugari egin ditugu. bertatik datorrek jende askori. Futbol armarriak, banderak, esaldiak… eskerrak ematen dizkiegu harmailetako neska-mutil hauei!

Tatuaje futboleroa.
  • Zein da zuen estudioan entzun dezakegun musika?

Egia esan, denetarik jartzen dugu baina gehien entzun dezakezuena Metal, Hardcore eta Punk Rocka da.

  • Gure blogetik eskerrak ematen dizkizuegu elkarrizketa egitera animatzeagatik. Zorterik onena opa dizuegu. Gora tatuajearen mundua!

Eskerrik asko zuei gu kontuan hartu izanagatik elkarrizketarako. Aupa We Are Dotore!  Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude