EINAR GALILEA: ELKARRIZKETA

Gure lehenengo futbolari profesionala elkarrizketatzeko ez dugu edonor aukeratu. Einar Galilea Gasteizen hezitako gaztea dugu. Alavesaren harrobian sortua, hiriko taldearen zale sutsua izan da beti. Gaur egun NK Istra talde kroaziarrean dabil eta gabonak direla aprobetxatuz berarekin elkartu gara trago batzuk hartzeko.

1- Nola gogoratzen dituzu zure lehen pausuak Alavesean?

Auzoan hasi nintzen pilotari lehen ostikadak ematen. Behin, lagun baten aitak talde batean jokatzeko “gonbitea” luzatu zidan. Baietz esan eta Lakuan urte bat eman ondoren Alaveseko harrobian sartu nintzen 12 urte nituela. 14 urte daramatzat jada taldean, kategoria guztietatik pasa naizen bitartean. Alevinetatik gaur egun arte. NK Istran nago gaur egun, Alaveseko talde internazionala dena.

Einar 90. hamarkadan. Alaveszalea txikitatik.

2- Ondo gogoratzen dut lehenengo taldeak deitu zintuenean denboraldi-aurrea egiteko. Zalantzan zeunden, zure lagunek interrail bat egiteko asmoa zeukaten uda horretan. Nik eta beste jende askok gomendatutakoa egin zenuen. Damutu izan zara hartutako erabakiaz noizbait?

Ez, noski. Gauza izan zen erabakia hartzea kostatu zitzaidala. Natxo Gonzalezek proietktua azaldu ondoren ezin izan nuen ezetz esan. Bi asteko gauza izango zela soilik pentsatzen nuen eta inolako aukerarik izango ez nuela taldearekin jarraitzeko. Bertatik etorri ziren izan nituen zalantzak. Baina sorpresa! Azkenean ametsa egi bihurtu zen eta momentu horretatik aurrera futbola beste modu batean hartzen hasi nintzen.

3- Honek oso ondo definitzen zaitu pertsona bezala. Zure umiltasunaren isla bikaina da. Noiz hasi zinen benetan sinisten futbolari profesional bat izango zinela?

Lehen aipatu dudan moduan, lehenengo taldean nire burua ikusi nuenean etorkizuna kontuan hartzen hasi nintzen. Dena den, ikasketak ez ditut inoiz utzi, oso garrantzitsua delako beste ate batzuk zabalik izatea, kiroletik aparte. Futbolaz gain nire pasioa irakaskuntza da eta gustatuko litzaidake kirolaren bidea amaitzean irakasle moduan aritzea.

4- Nola da Mendizorrotzan debuta egitea?

Ni beti izan naiz alaveszale sutsua eta harmailetatik jarraitu izan dut nire taldea. Imajina dezakezu behin kanpoan egotearen perspektiba hori izanda nola izan daitekeen zure jendearen aurrean zelaia zapaltzea eta sentitzen dituzun kolore horiek defendatzea. Aldageletan, nire taldekideak beti geratu dira harrituta Mendizorrotzan bizi den atmosfera berezi horrekin, eta ni gaizki ohituta nengoen, izan ere zarata eta animazio ikaragarri hura barneratuta neukan.

Iraultzaren harmailan dagoen atean ateratzen diren kornerrak beti izango ditut gogoan zerbait berezia bezala. Zure buruari gehiago eskatzen diozula ematen du. Hori bai gol erdia!

Einar, Toquero eta Manu gasteiztarrekin igoera ospatzen. Iraultzaren harmaila atzean.

5- Nondik zatozen ez duzu inoiz ahaztu. Ez da zaila Einar Kutxiko taberna mitikoetan, kontzertuetan edo auzoetako txosnetan aurkitzea. Zergatik giro hori eta ez edozein futbolarik aukeratzen duena?

Uste dut jokalari euskaldun askok daukagun pertsonalitatea dela, beti gure jendearekin eta euskal giroan oso gustura gaude. Bat gehiago baino ez gara azken finean edo horrela ikusten dut nire burua behintzat. Oso eroso sentiarazi nau jendeak beti leku horietan. Niretzat zerbait normala da. Ni ondo mugitzen naiz edozein lekutan karkar, baina diskotekak, erreserbatuak eta postureo horiek ez datoz bat nirekin, askoz hobe plastikozko edalontzi bat eskuan txosnaz txosna ibiltzea.

6- Zure kontzientzia eta konpromiso politikoa ez da ezer berria. Beti aldarrikatu izan dituzu gure herriak sufritutakoak, bai sare sozialetan, bai zelaian. Arazorik izan al duzu inoiz honen inguruan?

Arazo handirik ez zorionez, hala ere gomendioak jaso izan ditut. Zerbaitek definitzen banau, beti pentsatzen duena esaten duen horietakoa naizela da. Zailena egiten zaidana agian, nire burua, emozioak edo aldarrikatu nahi dudana moztea da, auto-zentsura moduko bat dela esan dezakegu. Baina batzuetan beharrezkoa da eta are eta gehiago bizi garen mundu posmoderno honetan. Badakizue jendeak zure iritziak erraz kritikatzeko aukera daukala.

Beste alde batetik, ezagunak garenok konpromiso hori hartu beharra daukagula uste dut, izan ere gure herriak sufritzen dituen injustiziak salatzea erantzukizun bat da.

Einar kopako finalean. Errekaleorren aldeko kamiseta soinean. 2017.

7- Real Jaen- Deportivo Alaves, 2014. 2-3. Bihotzeko bat emateko moduko partidua. Zuk, kanpokoen harmaila aukeratu zenuen zure taldekideak animatzeko, Iraultzarekin. Aipamenik egun horren inguruan?

Urte horretan bigarren taldean jokatzen nuen, lehen taldearekin entrenatzen nuen bitartean, nahiz eta bakarrik bi partidu jokatu beraiekin nire taldekideak ziren eta egunerokotasuna beraiekin eramaten nuen. Badakizue nolakoa izan zen partidua, zer zegoen jokoan… nola geratuko nintzen etxetik ikusten?

Autobuseko 7 ordu horiek ez ninduten geldituko. Ze kabroiak zareten eta nola gustatzen zaizuen “salseo” hau. Baina tira, bai, istoriotxo bat badago egun horren inguruan. Partidua bana, Alavesen gola 85. minutuan, nola ez, nire taldekideekin ospatu nahi nuen, eta egin nuen. Zelaia eta harmaila banatzen zuen zulora egin nuen salto beste jendearekin batera. Antza denez, seguratak ez zuen hau begi onez ikusi eta azkenean partiduaren amaiera kanpotik bizi behar izan nuen, kaskoekin irratia entzunez. Zorionez bueltako bidaia posez hiltzen egin genuen, gaur egungo taldeak daukan egoera, Guzmanen gol horrekin gabe ezin da ulertu.

8- Harmailetako mundua zuretzat zerbait ezezaguna ez dela kontuan hartuta, zein iritzi daukazu casual pentsamenduaren inguruan?

Harmailetako munduarekin harremanak dauzkat bai. Aipatu dudan moduan, ez daukat soilik harremana Iraultza 1921ekin, Indar Baskonian ere lagun handiak ditut. Honek, kultura honengana hurbildu nau eta nolakoa den ulertarazi dit. Gehien gustatzen zaidana pentsamendu hau barnean daraman jendeak dituen balioak dira, oso pertsona pasionalak dira. Elkartasuna, anaitasuna eta fideltasuna defendatzen dituzte uneoro. Nire izaera kontuan hartuta ez da zaila honelako jendearekin ondo moldatzea, leku berdinetan ibiltzen gara azken finean.

Einarrekin trago batzuk hartzen.

9- 2017an zure abentura hasten da Europatik, lehenengo urtea Croazian ematen duzu, gero Frantziako Sochauxetik egiten duzu paso. Azkenik NK Istrara heltzen zara, gaur egungo zure taldea. Croazian harmaila kultura oso indartsua dago, gu bezalako jendeari Dinamo Zagrebeko Bad Blue Boysak edo Hajduk Spliten Torcida etortzen zaigu burura. Sekulako infernuak. Nola da zelai horietan jokatzea?

Ez da pentsatu dezakezuen bezain harrigarria. Ligako partiduetan gauza ezberdina izaten da eta ez da hain beldurgarria. Dena den aipatu dituzun talde hauek oso kañeroak dira eta haien arrastoa non nahi aurkitu dezakezue eta ez bakarrik beraien hirietan, herrialde osoan zehar dituzte zaleak. Egia da Hajduk Splitek Pulan, nire hirian, jokatzen duenean milaka zale daramatzala berarekin. Etxean daudela ematen du kasu horietan nahiz etxetik kanpo jokatzen duten. Kasu horietan giroa infernu bilakatzen da eta ez da hain eroso jokatzen.

10- Gure elkarrizketetan ezin da falta musika edo arroparen aipamenik. Zeintzuk dira honen inguruko gomendioak?

Oso musikazalea naiz, hala ere, musika euskalduna entzuten dut gehien. Saltu egin beharko dut zuen listak gehiago entzutera eta honela beste eszena batzuk ezagutzera. Zorionez badauzkat talde ezberdinetako lagunak, esate baterako Boot Boys edo Sarkor. Honekin batera klasikoak ezin dira falta nire eguneroko bizitzan, nola ez Eskorbuto eta Cicatriz. Iheskide ere oso gustoko ditut eta hauek zuzenean ikusteko desiratzen nago, egia esan garai hauetan edozein kontzertu izango litzateke aparta.

Arropen kontuan, ez naiz oso markazalea. Aldarrikapenerako kamiseta ugari erabiltzen ditut maiz, herri mugimendua sustatzeko. Dena den gaurko zitarako badaramat zerbait kulturakoa, Lonsdale.

11- Eskerrak eman nahi dizkizugu Einar, gure proiektua sustatzeagatik eta elkarrizketagatik. Plazerra izan da berriz ere elkartzea eta zu ondo ikustea. Onena opa dizugu zure ibilbide profesionalean, eta badakizu, harmailetan ikusiko gara! Orain, nahi duzuna adierazteko askatasun osoa daukazu.

Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuet gonbitea luzatzeagatik, oso gustura egon naiz. Badauzkagu beste trago batzuk pendiente karkarkar. Onena opa dizuet oso interesgarria den proiektu honetan. Oso garrantzitsua iruditzen zait euskara sustatzen duzuen moduan sustatzea eta mundu honetara ere heltzea.

Aurrera bolie! 

Einar igoera ospatzen, Frente Islamico Albiazul bufanda soinean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude