BRIGADE LOCOREKIN ELKARRIZKETA

1- Brigade Locok, talde berria izanik, doinu klasiko batzuei freskotasuna eman die, zuen lehenengo urtean emandako kontzertu guztiak ikusi baino ez ditugu. Nola eraman izan duzue “boom” hau?

Aupa ekipo! Ba diozuen moduan, denbora gutxian, kontzertu asko eman genituen gure lehen lanarekin, talde hasi berria izanik talde potenteekin eta leku esanguratsuetan jotzeko aukera izan genuelarik. Eta oso pozik gaude egindakoarekin. Baina gauza guztietan bezala, “boom” horren alde negatiboak ere ezagutu genituen; kontzertu asko denbora gutxian jotzean saturazio puntu batera iritsi ginen, adibidez.

Hala ere, bizipen ahaztezin eta lagun ugari egin ditugu bidetik eta horrek ez dauka preziorik.

2- “Ekintzek dute hitza” lehen diskak sekulako harrera izan zuen, orain zuen bigarren lana aurkeztu duzue, “Amets bati lotuta”. Tamalez ia ez duzue izan aukerarik oholtza gainean aurkezteko. Nola erantzun du jendeak diskak erosterako orduan?

Ba egia esan uste baino hobeto erantzun du jendeak. Garai zailak izan dira eta lana kaleratzear geundela pandemia eta etxeratze garaiak jasan behar izan genituen. Hala ere bigarren lan hau kaleratzea erabaki genuen eta pozik gaude harrerarekin. Ezin izan dugu lana nahiko genukeen bezala aurkeztu, baina egindako kontzertuak primeran joan dira, kontzertuak egiteko dauzkagun neurriak direnak diren arren.

Eta aurretik esan bezala, lehen diskarekin izandako esperientzia kontuan izanda, bigarren honekin momentuz erritmoa jaistea erabaki dugu.

3- Ez zarete berriak musikan, aurretik hainbat proiektu aurrera eraman izan dituzue. Nolakoak izan dira zuen aurreko esperientziak?

Bai, ondo diozuen moduan, aurretik gaztetxoagoak ginen garaietan izan genituen hainbat proiektu. Garai onak ziren eszenarentzat, talde, proiektu eta kontzertu ugari izaten ziren eta nolabait gure bidea ere markatu zuen hark.

Ordundik hona eszenak berak bizi izan duen garapena gertutik jarraitu dugu, eta aurreko garaiak ezagutu izanak gaur daukaguna baloratzen laguntzen digu.

Gainera, garai haietan ezagutu genuen biok elkar.

Cold Revenge, Olliren beste talde bat.

4- Hainbat talderekin partekatu izan duzue oholtza, azpimarratzekoa Cock Sparrer mitikoekin jo zenutenean Jimmy Jazzen, nola jaso zenuten albiste hori?

Amets bat betetzearen sentsazioa zaila da hitzekin azaltzen. Baina guretzako sekulako esperientzia izan zen. Sinistu ezinik eta urduritasuna hasieran eta kristoren gozamena eta poza egun horren bukaeran. Oso hunkigarria izan zen.

5- Nondik datorkizue letretarako inspirazioa?

Ba ez dakigu erantzun bakar bat dagoen galdera honentzat. Bakoitzaren momentuaren arabera irtetzen dira. Askotan letra bat egiteko beharra dagenean, ez zaigu behar bezala irtetzen.

Inguratzen gaituenak baldintzatzen gaitu letrak idazterako orduan. Irrikak, aldarrikapenak, memoria historikoa edo barruak husteko gogoak, adibidez.

6- Zeintzuk dira zuen talde erreferenteak?

Talde asko izendatu genitzake erreferente bezala baina taldeko erreferentziak orokorrean punk rock doinuak, Ingalaterrako punk-oi talde mitikoak eta orain hamarkada bateko Barduliar mugimenduko taldeak dira gure erreferente nagusiak.

Baina bakoitzak badauzka estilo hauetaz aparte gogoko taldeak eta hortik ere edaten dugu.

Taldekide guztiak.

7- Zuen taldearen izenak berak erreferentzia egiten dio harmailetako munduari, Vanilla Muffinsen abesti mitikoa bertsionatu duzue eta Bultzadaren abestia ere egin duzue. Guri hainbeste gustatzen zaigun gai hau jorratzen jarraituko duzue?

Lehen esan moduan, gure inguruak baldintzatzen gaitu, eta gure inguruak futbolarekin eta harmailetako munduarekin ere badauka lotura hori. Beraz, ez litzateke arraroa izango gai honekin lotutako beste abestirik agertzea aurrerantzean.

8- Urteak dira elkar ezagutzen dugula. Garagardoak, bidaiak, kontzertuak eta aipatu ezineko beste hainbat gauza partekatu izan ditugu. Nola definituko zenuke eraman izan duzuen bizimodua? Zer aldatu da Brigade Loco sortu zenutenetik?

Badira urteak elkar ezagutzen dugula, bai. Zaila da halako zerbait definitzea, baina egin duguna, egin nahi izan dugulako izan da, beraz alde hortatik harro eta pozik gaude.

Bizitako guztia ez genuke ezergatik aldatuko. Bidaiak, prebiak, botatako dantzak, kontzertuak, adiskidetasuna… Berriz jaioko bagina berdina egingo genuke, karkarkar!

Aldatu den puntu nabarmenena agian denbora eta harremanak kudeatzeko gaitasuna izan da. Azken finean gure egunak 24h ditu eta gauza guztiei denbora eskaintzea zailagoa egin zaigula uste dugu. Hala ere ahal dugun gauza guztietara iristen saiatzen gara.

9- “Riverside Boys, living with class”. Gutako batzuek badaukagu zuentzako oso kuttuna den kamiseta hau. Erreferentzia argia casual pentsamenduari; zer da kultura hau zuentzako?

Casual kultura futbola eta harmailetako mugimenduari oso lotuta egonda, gu ere gertutik ikutzen gaitu, badaukagu mugimendu honekiko begirunea. Mugimendu hau ere musikari lotua dago zuzenean. Beraz, gure egunerokotasuna mamitzen duen gai garrantzitsuenen inguruan ere badabil casual mugimendua, hau da, musika eta futbola.

Baudakagu zer esan eta zer ikasi oraindik mugimendu honetaz.

Riverside Boys, kamiseta horretatik lagun kuadrila aparta izatera ere iritsi da. Ondo diozuen moduan, kontatu ezin diren bizipen ugari, karkarkar!

10- Nolakoa da zuen outfita kontzertuetarako? Eta futbol egunetarako? Zeintzuk dira zuen marka gogokoenak?

Kontzertuetako outfita normalean kamiseta beltzak izaten dira karkarkar gehienetan lagun ditugun musika taldeen kamisetak, harmaila inguruko taldeena edota mezu politikodun kamisetak izaten dira ohikoenak.

Futbol egunetarako “living with class” lema horri zentzua ematen saiatzen gara. “We are Dotore” bizitza ere deitu geniezaioke karkarkarkar

Marka gogokoenak: Stone Island, CP Company eta Fred Perry Landerrentzat, eta Lyle & Scott, Fred Perry eta Adidas Oierrentzat.

Brigade Loco Iradier Arenan.

11- Eskerrik asko We are Dotoreren partez, badaukagu oraindik bazkari bat pendiente. Hemendik aurrera nahi duzuena gehitzeko askatasun osoa daukazue.

Bazkari hori kobratzeko zain gelditzen gara bai!

Eskerrikasko zuen pazientziagatik, elkarrizketa honek aspaldi egon behar baitzuen kaleratuta karkarkar, baina bueno ,orain Reala Eindhovenen ikustetik bueltan gatoz eta bidai ordutxo batzuk kendu dizkigu hau erantzuteak. Ondo etorri zaigu karkarkar!

Besarkada bat Dotore familiari eta segi kaleak dotoretzen!

The drug is football!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude