ARENE 6: ELKARRIZKETA

  • Aupa ekipo! Talde berria zarete, aurkeztu zeuen burua gure irakurleei.

Arene 6 Bizkaiko kostaldetik datorren taldea da, Algortatik. Boskote bezala elkartu ginen Iñaki (bateria), Koldo (baxua), Jokin (gitarra), Josu (gitarra) eta Ibon (abeslaria) 2018. urte amaieran.

Bi mila eta hemeretzigarren urtean zehar, eta taldeak izan zuen geldialdia tartean, Josuk taldea utzi eta Altonaga sartu zen gitarra astintzera. Aurtengo, 2022ko urtarrilean “Errautsetatik” diskoa argitaratu berri dugu.

  • Nondik dator Arene 6 izena?

Zuzenean erantzungo diogu honi. Algortako Guardia Zibilaren helbidea da, Arene kaleko 6. zenbakia. Hasiera batean, broma edo kritika antzera jarri genion izena egun baterako (Barne Barnetik eguna) sortu genuen bertsio taldeari. Aurrera jarraitu genuen, gure abestiak sortzen hasi ginen eta azkenean izena mantentzeko erabakia hartu genuen.

Gure herrikoa dena gurea egiteko jarri genion izen hau taldeari, jendeak “Arene 6” esatean, burura datorkion hori ona izan dadin, eta ez dezan pentsatu gaur egun hain arrotza sentitzen dugun horretan. Azken finean, Arene 6 gure herriaren parte izan da, Guradia Zibilak okupatu eta konnotazio negatiboa hartu zuen arte.

  • Zuetako bat baino gehiagok urteak daramatza eszenan, beste proiektu batzuen parte izan zarete edo zarete. Nondik zatozte?

Danok gatoz proiektu desberdinetatik; Jokinek gitarra jotzen zuen “And We Found Our Place…” diskoa bizkarrean daraman Smoking Barrels taldean; Koldok bere aldetik bi talde izan ditu, Garrasika, “Maketa” eta “Bidea Ez Da Bukatu” diska luzea argitaratu dituztenak, eta Item No.; Altonagak, aldiz, Gorian izeneko taldean jotzen du; eta azkenik, Iñaki eta Ibon, Erasoka taldetik gatoz; maketa eta hiru disko luze kaleratu ditugularik (Itzalpetik, Plastic Mask Assassin eta Pausoak Hamar), Doubling Boysen parte gara bateria eta gitarjole bezala oraindik ere gaur egunean eta horrez gain, Ibonek, “The Beginning Of” eta “Louder Than The Gods” diskoak sortu zituen MadSkins taldeko kideekin batera.

  • Abestiak entzunda esan dezakegu soinu ezberdina duzuela eta abesti guztiak musikalki ez direla berdinak, zergatik diskoan zehar erregistro aldaketa horiek?

Punk-Oi!, Hardcore, Metal, Rock & Roll eta beste hainbat estiloko taldeak ditugu gustuko, bakoitzak bereak, eta honen guztiaren eraginpean, Arene 6 estiloa egiten saiatzen gara, gure estilo propioa, abesti bakoitzak bere nortasuna duen arren, estilo batera zein bestera hurbilduz.

  • Sutraiak, Suak Gugan Dirau, Otro Amanecer, Trumoi Artean… abestien esanahia oso ezberdina da guztietan. Nondik datorkizue letren inspirazioa? Abesti batek Uribe Kostako mugimenduari egiten dio erreferentzia, zergatik?

Egunerokoan inguratzen gaituzten gauzez hitz egiten saiatzen gara gure abestietan: bizipenak, esperientziak, anekdota hutsak… Gustatzen zaizkigun gaiak ere ukitzen ditugu diskoan, atzean utzitako guztiaren nostalgia… Eta, nola ez, beharrezkoak ikusten ditugunak; aldarrikapenak, desegokiak uste ditugun kontuak, injustiziak… Poliziak ere badauka bere lekua gure abestietan, eta gure bihotzetan ere karkarkar, sentimendu asko eragiten dizkigute haien uniformeek. Gure lurraldea eta kultura, atzean utzitako taldeetan argi utzi dugun bezala, oso maite ditugu, flipatzen gaituzte euskal mitologiaren inguruan dauden ikerketak, teoriak, kondairak… Azken finean, gustuko ditugunetatik datorkigu inspirazioa, eta beste gutxi batzuetan gorroto ditugunetatik ere…

  • Zergatik erabili duzue Suak Gugan Dirau zuen aurkezpen abesti bezala?

Erantzunik errazena gure abestirik potenteenetarikoa dela esatea izango litzateke, eta honekin, jendearen atentzioa lortzeaz gain, gure ibilbideari hasiera emateko modu aproposa dela pentsatu genuela. Egia esan, publikoa egingo genuen lehen abestia hautatzerako orduan, 3-4 abestiren artean zalantza ikaragarria izan genuen.

Azkenean, gure estilo propioa aldarrikatzeko helburuaz argitaratu genuen “Suak Gugan Dirau”; nolabait, gaur eguneko eszenan ohikoa denarekin apurtzeko nahian, eta Euskal Herriko kaskamotz mugimenduarekin identifikatzen den jendeari desberdina den zeozer eskaintzeko nahian. Noski, puristaren bat agertuko da abestia Oi! musika ez dela eta mierda bat iruditzen zaiola esanez; edo beste norbait agertuko da betiko zarata eta oihuak direla esanez, belarrientzako hori ona ezin dela izan esanez karkarkar!

  • Azken uda hontan oholtza gainean zuek ikusteko aukera izan nuen, eta Jonny Gerriwelt talde mitikoaren Haritzaren Semeak abestiarekin itxiz, zuentzako erreferenteak direla argi utzi zenuten. Zein beste taldeetatik hartu dituzue influentziak?

Ufff zaila da erantzuna. Bost gara taldean eta bakoitzak bere aldetik jotzen du musika estiloari dagokionez, batzuek Hardcorera jotzen dute, beste batzuek Heavy eta Metalera, Rock-and-Roll, Stoner… Denetarik entzuten dugu, baina argi dago batu gaituena, eta gure mugarria, Punk-Oi! musikarekin hasi izana izan dela, Euskal Herriko kaleko musikarekin.

Esan bezala bakoitzak bere talde gustukoak dauzka, orduan, danon influentzien artean ondorengoak aipatuko ditugu, nahiz eta beste ehunka aipa ditzakegun (ikusiko duzue zelako popurria karkarkar): Brigada Criminal, Never Surrender, Cicatriz, Tool, Kuraia, Bokassa, Bull Brigade, Iron Maiden, Metallica, Led Zeppelin, Anestesia, Hertzainak…

  • 2022 honetan Arene 6 zuzenean ikusteko aukerarik izango al dugu?

Momentuz, aurten, kontzertu pare bat besterik ez ditugu lotu; otsailaren 19an Txantreako Akelarre Kultur Elkartean, izugarrizko zuzenekoa eta EP brutala atera berri duten Streetwise-kin batera; eta bestetik, apirilaren 30ean Bilboko Santana 27 aretoan, Brigade Loco, Roten XIII, CRIM eta La Inquisicion taldeekin.

  • Azken bolada honetan talde ugari ari dira sortzen Euskal Herrian, Chaos in Basque Country bilduma horren isla dugu, zalantzarik gabe. Zer deritzozue honi buruz?

Aberasgarria da zentzu guztietan. Talde gehiago sortzeak kontzertuetara mugitzen den jende kopurua areagotzea dakar, eta, horrekin batera, eszena indartzea. Urteak dira mugimenduak ez zuela taldeen hain “boom” nabarmena bizitzen eta egia esan belaunaldi berriak agertzea beharrezkoa genuen. Ona da, zenbat eta talde gehiago sortu, hobeto, anitzak lurraldeari dagokionez, eta anitzak musikalki; horrek guztiak erakarriko du jendea gure mugimendura. Baliteke hurbil egotea, urteak direla bizi izan zen euskal Punk-Oi! musikaren urrezko garaia bueltatzea…

  • Eszena honen barruan ikusten duzue zeuen burua, bai zuen doinuak bai publikoa kontuan hartuta?

Noski, betidanik sentitu izan gara eszena honen parte aktibo, gaztetatik musika hau entzuten hasi ginenetik gaur egun oholtzara igotzen garen arte. Tartean ehunka disko, kontzertu eta lagun berri egon dira. Ez genuke ezergatik aldatuko, bide hau hautatzeagatik gara garena, eszena honen parte izateagatik, horrela hezi gara eta guztiz harro gaude egin izanaz.

  • Nola ikusten duzue kaskamotz mugimendua gaur egun?

Aurretik esan bezala, azken urtean… baliteke apur bat lehenagotik, hobera joan da mugimendua. Jendea zuzenekoetara mugitzen hasi da, kontzertuetan bizi den giroa izugarria da, taldeak sortzen ari dira, erakarri izan den jendearen profila anitzagoa da… Egia da asko ez direla kaskamotz bezala identifikatzen, baina horrek ez du esan nahi kaskamotz eszenan edo kaskamotz mugimenduan parte hartzen ari ez direnik.

Honekin esan nahi dugu jendeak aberasten duela edozein mugimendu, kaskamotz mugimendua barne. Argi dago, edozein tributan sagar ustelak dauden bezala, gurean ere badaudela, baina historian beti izan da horrela, eta hau ez da gure etorkizun hurbilean aldatuko, beraz, saia gaitezen daukaguna baloratu, babestu eta indartzen. KALEAK GUREAK IZANGO DIRA BERRIRO!

  • Zein garrantzi ematen diozue estetikari, eta nolakoa jotzen duzue zuena?

Egia esan, garrantzirik ematen ez diogula esaten baldin badugu, gezurretan ari garela uste dugu. Gaur egun gizartea nolakoa den jakinda, itxura fisikoak eta janzkerak pisu handia dute, eta horrek zuzenean eragiten digu. Hala ere, kalean ikustea ohikoa denarekin apurtu eta gure estiloa mantentzen dugu, garaian garaiko modak eta estiloak baztertuz. Guztiok jarraitzen dugu antzeko ildoa, baina bakoitzak bere berezitasun eta izaera propioa mantentzen ditu. Skinhead, hardcore eta metal estetikaren nahasketa garela esango dugu… baina bueno, beti elegante, beti harro karkarkar!

  • Futbolaz hitz egin dezagun, zuen taldea jarraitzen duzuen horietarikoak zarete?

Taldeko inor ez da futbolaria, ez gara futbolaren jarraitzaile amorratuak eta gorroto dugu futbolaren inguruan eraiki den negozio usteldu eta lotsagarria. Hori esanda, gu ere arazoaren parte sentitzen gara, futbolaren kontsumitzaileak izanik; eta noski, gure taldearekin goaz beti, herriko taldearekin, “Txena” izanik taldean gure ordezkaria; eta baita gure lurraldeko taldearekin, kamiseta txuri-gorria

jantziko dugu beti!

  • Eskerrik asko elkarrizketa egitera animatzeagatik, laster arte! Orain nahi duzuena adierazteko askatasun osoa daukazue.

Eskerrik asko zuei aukera hau ematearren eta hemendik gonbidapena zabaltzen diegu irakurle guztiei gure musika, gu eta gure kontzertuak ezagutzeko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude