AMADEO GARCIA DE SALAZAR

Aldaketa garaia

XIX. mendearen bukaeran Euskal Herria eraldatze prozesu sakon baten baitan murgilduta zegoen. Liberalen garaipena Bigarren Guda Karlistan foruen erabateko deuseztapena ekarri zuen eta porrotak dakarren nahasmen eta etsipenezko urte batzuen ostean, Arana Goiritar anaiek ideia foruzaleei uko egin zieten, horiek Jaungoikoa eta Lege Zaharra ardatz edukiko zuen nazionalismo batean eguneratzeko. Modu honetan, 1895ean, Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) jaio zen.

Bitartean, industria astuna Bizkaiko paisaia eraldatzen hasia zen eta Nerbioi ibaitik hurbil zeuden mendi berdeak fabrikez bete ziren, haietariko asko izen britaniarrak zeramatzatenak. Hain zuzen portuan lan egiten zuten marinel ingelesek Bilbora exportatu zuten futbola eta beste hainbat ekarpenen artean, 1898an Athletic Club taldea sortu zuten. Hasiera batean, kirol berriaren exotismo antieuskalduna aitzakiatzat hartuta, EAJak futbola errefusatu zuen, baina azkar ideiaz aldatu eta propio egin zuten Euskal nazioaren eraikuntzan sakondu ahal izateko.

Aldaketak ez ziren halere, Bilbon soilik ematen ari. María Cristina Erreginak Donostiako Miramar Jauregian pasatzen zituen udak eta hirian estilo modernistako hainbat hotel, kasino eta teatro eraiki ondoren, gipuzkoar hiriburua europar burgesiarentzako erreferente turistiko bilakatu zen XIX mende amaieran. Burges horiek izan ziren 1903an San Sebastián FC sortu zutenak eta urte batzuk geroago, Alfonso X Erregeak “Real” titulua eman zion.

Garai hartan bi lurraldeek era argian islatzen zuten futbolaren bitartez euren nagusitasun ekonomikoa: ligako lehenengo edizioan hamar taldek hartu zuten parte eta hauetatik lau euskaldunak ziren (Athletic, Real Sociedad, Real Unión eta Arenas). Dena den, ez ziren Bizkaia eta Gipuzkoa aldaketak bizitzen ari ziren bakarrak, hogeigarren hamarkadako Nafarroa eztanda kultural garrantzitsu bat bizitzen ari baitzen euskalduntasunaren inguruan. Honen adibide, Erresuma Zaharrean jaiotako futbol talde aintzindariak dira, zeintzuek anglizismoak arbuiatu eta herriarengatik hurbilago zeuden izen euskaldunak hautatu zituzten, adibidez, Liédenan Aurrera Futbol Taldea, Izarra Lizarran eta kasurik ezagunena, Fortunato Agirre eta Eladio Zilbeti militante abertzaleek sorturiko Osasuna.

Eladio Zilbeti.
Eladio Zilbeti Azparren. 20. hamarkada hasierako Osasuna.

Ipar Euskal Herriari so eginez gero, gogoratu beharra dago okzitaniarren eraginaren dela eta, futbolera baino gehiago errugbira jolastea nahiago izan dutela lurralde horietako biztanleek. Hala eta guztiz ere, Gerla Handian pour la patrie hil baino urte batzuk lehenago sortu ziren izen euskalduneko futbol taldeak Lapurdiko kostaldean, esaterako Arin Luzien, eta baita Nafarroa Beheran ere, Saint-Palais Amikuze.

Gauzak horrela, Zazpigarren Alaba baino ez da falta; ba al zegoen Araba euren ahizpak bizitzen ari ziren aldaketetatik at?

Gasteizera futbola ekarri zuen medikua

Urruti gelditzen dira 1920eko industria aurreko Gasteizek zituen 35.000 biztanleen zifra. Ezin daiteke esan garai hartan arabar hiriburua hiri handia zenik eta tailerren inguruan industria txiki bat garatua zegoen arren, biztanleriaren zati handi batek bigarren sektoreko ogibideetan egiten zuen lan. Merkatuetatik kanpo, aspaldi ez zen euskara entzuten hiriko kaleetan eta horren ondorioz, gasteiztar askok ezaxolaz jazo izan zuten jaioberria zen eusko abertzaletasuna.

Hori izan zen On Amadeo García de Salazarrek ezagutu izan zuen Gasteiz, zeinek 1920ean, beste gizon batzuekin elkarlanean, Sport Friend´s Club taldea sortu zuen, Club Deportivo Alavésen aurrekari zuzena, alegia.

Sport friend´s Club, 1920.
Sport Friend´s Club, 1920.

García de Salazarrek Alavés taldeko entrenatzaile kargua hartu zuen estreinakoz 1926an, baina handik gutxira zeukan trebeziari esker, talde babazorroak lehenengo mailara igotzea lortu zuen Ligako lehenengo edizioan eta hurrengoan, merezimenduzko bosgarren postua eskuratu zuen. Hain justu garai hartan izan zen taldeari Glorioso izengoitia ezarri zitzaionean, jokatzeko zuen estilo aparta zela eta. Alavésen berriro ere entrenatzaile gisa aritu eta gero, Euskal Selekzioaren aurrekari izango zen Vasconiako selekzioaren hautatzaile postua onartu zuen 1930ean. Kuriositatea baino ez bada ere, ondo legoke azaltzea selekzio honek, urte batzuk geroago, SESBetik bira bat egin zuela Euzko Gudarosterako eta Auzi Antifaxistarako dirua biltzeko.

Selección de Euzkadi
Euzkadiko selekzioa. Auñamendi entziklopediako argazkia, 1937.

Esperientzia nahikoa eskuratu zuelarik, eta Ligan arrakasta esanguratsua demostratu eta gero, Espainiar Selekzioko entrenatzaile kargua onartu eta Italiako 1934ko Mundu Kopan aritu zen. On Amadeok ez zituen gauzak gaizki egin eta Espainiar Errepublika final laurdenetara sailkatzea lortu izan zuen, baina partida horretan etxeko taldearen kontra norgehiagokan aritu eta galdu zuen*. Egiari zor, azpimarratu egin behar da Mundu Kopa hori Italiar Estatu Faxistaren erakusgarria baino ez zela izan eta bai ala bai italiarrek irabazi behar zuten, beraz García de Salazarren taldea polemikarekin etxeratua izan zela esan daiteke.

Politika eta guda

Urteetan zehar Amadeo García de Salazarren militantzia politikoa ezkutatua izan da eta jende gutxik zekien Eusko Alderdi Ekintzailearen (EAE) sortzaileetako bat izan zela 1930ean.

Amadeo Garcia de Salazar
Amadeo Garcia de Salazar.

Espainian erregimen errepublikanoa ezarri eta gero, euskal politikagintzan hiru korronte nagusi nabarmentzen ziren: nazionalistak, sozialistak eta monarkikoak. EAEko kideek bat egiten zuten EAJrekin Euzkadi euskotarron aberria zela ziotenean, baina euren arrazismoa eta integrismo erlijiosoa begi txarrez ikusten zuten. Ekintzaileen ustetan hizkuntza zen, eta ez abizenen zerrenda, euskaldun egiten gintuena eta katolizismoaren aurretik, marxistak izatera heldu gabe, langileriaren aldeko defentsa eta humanismoa jartzen zuten.

Logikoki jeltzaleek irmoki kritikatu zituzten, abertzaletasunaren bidea oztopatzen zutela esanez eta behin baino gehiagotan, espainolistak izatea leporatu zituzten. Gertatu zena gertatu zela, erasoak ez ziren bakarrik EAJren eskutik etorri eta PSOEk gogor egin zuen alderdi berriaren kontra, jatorri galiziar eta gaztelar etorkinak euren ideietara hurbiltzearen beldur ziren eta. Hain handia zen sozialisten beldurra, zein PSOEko pistolari batek Barakaldoko kaleetan jatorri galiziarreko langile eta EAEko militantea zen Hermenegildo Alvariño tiroz hil zuen 1933ean.

Egia esanda, alderdiaren emaitzak ez ziren guztiz onak izan eta Araban, are txarragoak. Azken finean, gogoratu beharra dago lurralde honetan euskara ia desagertuta zegoela eta gainera, ez zela industria garaturik existitzen. Hala ere, aipagarria da Arabar Aldundiako kudeaketa berria erabakiko zuten 1936ko hauteskundeetan, EAE Fronte Popularrera batu zela eta bi diputatu eskuratu zituztela, haietariko bat Jose Plazer Martínez de Lezea, Toti Martínez de Lezea idazlearen aitaren lehengusua.

Alderdiaren ibilbidea ez zen Gerra Zibilarekin bukatu; aitzitik, eta hauteskundeetan pisu txikia izan arren, Euzko Gudarostean bi batailoi bildu zituzten: Olabarri eta Euzko Indarra. Alderdiaren historian, gerra garaiko istorioak dira ospetsuenak eta egun, Eladio Zilbetiren fusilamendua, Nalóneko bataila (Asturias), Jose Plazerren historia bera eta nola ez, Santxo de Beurkoren borroka nekaezinak ezagunak dira.

ANV guerra civil
ANVko gudariak guda zibiliean.

Zoritxarrez, erromantizismoz eta duintasunez beteriko istorio hori ez zen On Amadeorena izan. Guda Zibila hasterakoan bi bandoen artean hautua egin eta mediku legez aurkeztu zen bolondres nafar karlistekin. Gerra urteak ezuste handirik pasa gabe igaro zituen. Geroago, frankismoaren ezarpenarekin, bere aurretiazko militantzia politikoa zela eta hainbat isun ordaindu behar izan zituen arren, gaur-gaurkoz argitzeke dagoen dilema bat dago: Zerk bultza zezakeen gizon heldu bati 1930ean balore humanistak eta langileriaren defentsaren aldeko alderdi abertzale bat sortzera eta handik sei urteetara, garaiko errekete atzerakoienekin batera borrokatzera?

* ikus Marca, “El robo del siglo”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude